Lyonel Feininger

Lyonel Feininger (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1871ko uztailaren 17a - 1956ko urtarrilaren 13a) margolaria eta marrazkilaria izan zen. Hanburgon, Berlinen eta Parisen egin zituen ikasketak. Berlinen karikaturak egiten hasi zen, baina pinturari lotu zitzaion 1907tik aurrera. Georges Seuraten teknikez, ikerketa kubistez, futuristez eta konstruktibistez arduratu zen, eta, Robert Delaunayren ildotik, Blaue Reiter taldearekin egin zuen lehen erakusketa. Bauhausen irakasle izan zen 1919tik 1933 arte. Itsasoko eta hirietako ikuspegiak ditu gai nagusi, New Yorkekoak bereziki, 1936az geroztik. Eraikuntza berrien aurrean kezkatuta, formak angelutan ebakitzen hasi zen, prisma-itxurak ugaritzen eta kolore zurbil hotzak erabiltzen, bertikalismorako joera areagotuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.