Edukira joan

Esteka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hiperlotura» orritik birbideratua)
Dokumentuak esteken bidez lotuta

Esteka edo hiperesteka erreferentzia digital bat da Informatikan, erabiltzaileak klik egitean datuetarako sarbide zuzena ematen duena. Erlazionatutako dokumentuen artean erreferentziak egiteko erabiltzen da. Hitz eta terminoak haien definizioekin lotzeko (Wikipediako artikuluetan, adibidez), eta edukien taulak, oin-oharrak, bibliografia, aurkibidea eta glosarioak sortzeko erabiltzen dira. Estekak dituen dokumentuari hipertestu deitzen zaio.[1]

Bi dokumenturen artean hiperesteka sortzean, esteka duen dokumentua (iturria) eta estekak erakusten duena (helburua) lotu egin direla edo haien artean lotura sortu dela esan ohi da. Estekak dokumentu osoen artean edo dokumentu barruko elementuen artean jar daitezke. Esteka gordetzen duen testu zatia aingura-testua da.

Hiperestekak jarraitzeari hipertestua arakatzea edo nabigatzea esaten zaio. Modu automatikoan nabigatzen duten programa informatikoak existitzen dira. Web armiarma izenez ezagutzen diren (ingelesez, web crawler edo spider) Interneteko botak dira eta bisitatutako dokumentuak biltzen dituzte. Webguneetatik informazioa ateratzeko (Web scraping) erabiltzen dira.[2][3]

Esteka (ingelesez, link) terminoa Ted Nelsonek sortu zuen 1965ean, Xanadu proiektuaren hasieran. Vannevar Bush-ek 1945ean idatzitako "As We May Think" idazlan ezagunean inspiratu zen. Idazlan horretan, Bushek mikrofilmetan oinarritutako makina bat deskribatu zuen (Memex). Makina horretan, informazio orriak binaka lotu zitezkeen erlazionatutako informazioarekin "arrasto" modukoak sortuz, eta ondoren, orrietan zehar atzera eta aurrera mugitu, denak mikrofilm karrete bakar batean baleude bezala.

Douglas Engelbart eta bere taldea SRIn (Stanford Research Institute), 1969an

Nelsonek 1964 eta 1980 artean argitaratutako liburu eta artikulu sorta batean, Bushen kontzeptu hura ordenagailuaren testuingurura eraman zuen. Testu-stringei aplikatu zien orrialde osoei baino gehiago, hasiera batean mahai-gaineko makinen tamainarako definitu zuena gero mundu mailako sare informatiko teoriko jabedun batera orokortu zuen, eta sare hori sortzearen alde egin zuen. Nelsonen Xanadu proiektua 1980ko hamarkadan Autodesk-ek finantzatu zuen arren, atzipen publikoko sare informatiko hori ez zuen sekula sortu. Garai berean, Douglas Engelbart buru eta programatzaile nagusi Jeff Rulifson zuen talde bat modu independentean antzeko ideietan lan egiten ari zen eta lehenak izan ziren hiperestekaren kontzeptua inplementatzen, lehenik dokumentu baten barruan desplazatzeko (1966) eta handik gutxira NLS erabiliz (ingelesez,oN-Line System) dokumentu desberdinetako paragrafoen artean mugitzeko (1968). 1983an Ben Shneiderman-ek eta bere ikasle Dan Ostroff-ek nabarmendutako lotura (highlighted link) diseinatu eta inplementatu zuten HyperTIES sisteman. 1988an, Ben Shneiderman-ek eta Greg Kearsley-k HyperTIES erabili zuten "Hypertext Hands-On!" munduko lehen liburu elektronikoa argitaratzeko.[4]

1987an Apple Macintosh-erako argitaratu zen HyperCard programak dokumentu bateko orrien arteko loturak egiteko aukera ematen zuen, baita ordenagailu bereko dokumentuen arteko loturak ere. 1990ean, Windows 3.0 sistema eragilearekin zetorren online laguntzarako Windows Help-ek hiperesteka asko erabiltzen zituen laguntza-orriak haien artean lotzeko. Gainera, bisualki desberdina zen hiperesteka mota bat zuen eta klik egitean, laguntza-mezu bat erakusten zuen, laguntza-orriko terminoen definizioa, normalean. Gopher izan zen Interneteko guneen arteko hiperestekak sortzeko aukera eman zuen lehen protokolo irekia, 1991an argitaratua. Oso erabilia izan zen arren, laster hartu zion aurrea HTMLk 1993an, Mosaic nabigatzailea merkaturatu zenean; nabigatzaile hark Gopher estekak eta HTML estekak kudeatzeko gaitasuna zuen. Gopherrek ez bezala, HTMLk grafikoak, testua eta hiperestekak konbinatzeko gaitasuna zuen, Gopherrek aldiz menu-egituran antolatutako testua eta hiperestekak besterik ez.

Hiperesteka baten adibidea, saguaren kurtsorea gainetik pasatzean web-nabigatzailean ikusi ohi den moduan.

Web nabigatzaileek modu bereizgarrian erakusten dituzte hiperestekak. Loturarako dekorazio desberdinak erabil daitezke, kolorea, letra-tipoa edo estiloa aldatuz edo ikur jakin batzuen bidez lotura edo dokumentu motak bistaratuz. Nabigatzaile gehienek, bisitatu ez diren estekak urdinez eta azpimarratuta erakusten dituzte, eta bisitatuak izan direnean morez eta azpimarratuta. Loturaren portaera eta estiloa Cascading Style Sheets (CSS) lengoaiaren bidez zehaztu daiteke.

Saguaren kurtsorea estekaren gainetik pasatzean, interfaze grafikoak kurtsorearen itxura alda dezake eta esku formakoa bihurtu, adibidez, erabiltzaileari estekaren presentziaz ohartarazteko. Nabigatzailearen eta interfaze grafikoaren arabera, estekari buruzko testu informatiboren bat ere erakusten da eta kurtsorea estekatik urruntzean desagertu egiten da. URLa egoera-barran erakutsi ohi da.

Erabiltzaileak estekaren gainean klik egitean, esteka aktibatu egiten da eta nabigatzaileak estekaren helburua erakusten du. Helburua HTML fitxategi bat bada, nabigatzailean zuzenean irekitzen da normalean, beste leiho batean irekitzeko "target" atributua erabiltzen da. Estekaren helburua ez bada HTML fitxategi bat, fitxategia irekitzeko egokia den programaren bat aktiba daiteke, fitxategi motaren edo nabigatzailearen eta bere pluginen arabera.

Hiperesteka bati jarraitzeak sortutako efektua ez da beti bera izaten, hipertestu-sistemaren edo loturaren arabera alda daiteke. Webean nabigatzean, adibidez, gehienetan helburu-dokumentuak dokumentua bera ordezkatzen du, baina batzuetan helburu-dokumentua leiho berri batean edo erlaitz berri batean irekitzen da. Beste efektu posible bat, ingelesez transclusion izenez ezagutzen dena da: hiperestekak helburu-dokumentu baten zati bat lotzen du eta erabiltzaileak esteka jarraitzean, zati hori estekaren ainguran kokatuta erakusten da iturri-dokumentuan.

Estekaren formatuaren arabera, lotutako web orrietara iristeko modua aldatzen da. Gehienetan testua aukeratuz (klik eginez) edo elementu grafikoren bat aukeratuz (widgeta, botoia) sartzen da. Honakoak bereiz daitezke: testu hiperesteka (hitz edo esaldi batean txertatutako esteka), irudi-hiperesteka (irudi batean txertatutakoa), e-mail hiperesteka (helbide elektroniko batean txertatutako esteka da eta erabiltzaileak klik egitean zuzenean posta elektronikoko mezu bat bidaltzeko aukera ematen zaio).

Badira bi noranzkoetako hiperestekak, hau da, joan-etorrian jarrai daitezkeenak. Halakoetan, loturaren bi muturrek jokatzen dute aingura eta helburu gisa. Loturak egiteko egitura konplexuagoak ere badaude, puntu batetik beste baterako lotura sortu ordez askoren arteko loturak sortzeko. Formatuaren arabera, honako sailkapena egin daiteke:

Esteka zuzena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esteka zuzena (ingelesez, direct-linking, inline-linking, hot-linking) beste webgune batean gordeta dagoen edukia erakusteko erabiltzen da. Horrela, edukia beti jatorrizko zerbitzaritik kargatzen da, hipertestuan bertan txertatu gabe. Adibidez, irudi bat gorde eta webgunean kargatu ordez, irudirako zuzeneko lotura absolutua txertatuko litzateke. Honen moduko itxura izango luke: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Hyperlinks_scheme.svg

Esteka zuzen baten bidez edukiaren bertsio aldatua erakuts daiteke: irudiaren miniatura (ingelesez, thumbnail), bereizmen txikiko aurrebista, irudiaren zati bat edo irudia handitua. Erabiltzaileak eduki osoa eskuragarri izatea lortzen da, hipertestua gehiegi kargatu gabe.

Aingura-esteka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aingura-esteka (ingelesez, anchor-link) dokumentu baten zati bat lotzeko erabiltzen da. Oro har, testu baten atal bat lotzen da eta traola karakterea (#) erabiltzen da URLan ainguraren izenaren aurretik (adibidez, https://eu.wikipedia.org/wiki/Hipertestu#Historia).

XML markaketa-lengoaian adibidez, <anchor id="name" />" elementua erabil daiteke aingura-esteka sartzeko, eta wiki edizioan {{anchor|name}}. Testu-prozesadoreak erabiliz (LibreOffice Writer, adibidez) ere txerta daitezke aingura-estekak, normalean laster-marka (ingelesez, bookmark) bat definitu behar da lehenik.

Irudi baten zonalde bat ere lotu daiteke aingura-esteka baten bidez, HTMLko irudi-mapa batean, adibidez. Irudian esteka bati lotu nahi zaion zonaldea definitzeko, puntuen koordenatu-zerrenda defini daiteke. Horrela, adibidez, Afrikako mapa politiko batean, herrialde bakoitza herrialde horri buruzko informazio gehiagorekin lotu daiteke.[5]

Esteka hedatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esteka hedatua (ingelesez, extended link, one-to-many link) lotura konplexuagoak sortzeko erabiltzen da. Horrela, klik egitean URL zehatz bakarrera eraman ordez, erabiltzaileari hainbat helmuga hautatzeko aukera ematen zaio.[6]

Estekak normalean Web-eko URL batera lotzeko erabiltzen dira. URL horretan dokumentu bat, web orri bat, web orri bateko posizio bat edo beste baliabide bat egon daiteke.

Dokumentu elektronikoak haien artean lotzeko edo dokumentu bereko beste zati batera eramateko, hiperestekak erabiltzeko beharra ikusi zuen Tim Berners-Leek. Hiperestekak funtsezkoak ziren Weba sortzeko.[7][8]

HTML lengoaian <a>...</a> marken artean definitzen dira estekak eta hainbat atributuen bidez adierazten dira hiperestekaren xehetasunak: helmuga ("href", ingelesezko Hypertext REFerence-ren laburdura), izenburua ("title", kurtsorea gainetik pasatzean erakutsiko dena), etab [9]. HTML lengoaian idatzitako web orri batean horrela idatziko litzateke Weberako estandarren W3C erakundearen webgunerako esteka HTML kodean:

<a href="URL" title="link title" target="link target" class="link class">link label</a>

Beste adibide bat:

<a href="https://www.w3.org/">W3C erakundearen webgunea</a>

HTML kode horrek hainbat etiketa ditu:

  • Hasteko, ainguraren irekiera markatzen duen <a etiketa dago. Ondoren, webgunerako URLa txertatzen da komatxo artean, horrela: href = "https://www.w3.org /".
  • URLaren ondoren, > etiketak ainguraren irekiera ixten du.
  • Ondorengo hitzak aingura-testua dira, estekaren bidez lotuta geratuko den testua alegia. Pantailan ikusgarri geratuko den kodearen zati bakarra da, normalean azpimarratuta eta koloreztatuta bistaratzen da. Ohikoa da urdin erakustea oraindik bisitatu ez den esteka eta more jada bisitatua izan dena. Kodearen gainerako zatia ikusgarri ez den arren, erabiltzaileak kurtsorea estekaren gainean kokatzean, estekaren helburu den URLa pantailaren lekuren batean erakusten dute nabigatzaile askok.
  • Hiperestekaren kodea ainguraren itxiera markatzen duen (</a>) etiketarekin amaitzen da.
  • <a> etiketak, hainbat atributu izan ditzake. "rel" atributuak adibidez, estekak lotutako bi dokumentuen arteko erlazioa zehazten du.
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XML elementuen bidez hiperestekak sortzeko, XLink erabiltzea gomentatzen du W3C elkarteak. HTML markaketa-lengoaiak baino funtzionalitate maila handiagoa eskaintzen du: hainbat dokumenturen arteko lotura-zerrenda sor daiteke, metadatuen bidez loturari buruzko informazioa gehi daiteke, etab. Esteka zuzenen bidez lotura sinpleak egiten dira, 2 dokumenturen artekoak, HTML lengoaian egiten den moduan. Esteka hedatuen bidez lotura aurreratuak sor daitezke, hainbat dokumenturen artekoak: etiketen bidez zehazten dira iturburuak eta helburuak, eta arkuak erabiliz haien arteko konexioak definitzen dira.[10]

Permalink-a edo esteka iraunkorra (ingelesetik, permanent link) urte askotan zehar aldatuko ez den URL baterako lotura iraunkorra da. Esteka hautsia, ustela edo baliogabea ekiditeko asmoarekin eraikitako hiperesteka da, hau da, etorkizunean apurtzeko arriskua gutxitzeko. Normalean lotu den orria ezabatu delako, URL helbidea aldatu delako edo errore tipografikoren bat egin delako hausten dira estekak. Permalinkak sinpleak izan ohi dira, jendeak erraz idazteko eta gogoratzeko modukoak.[11]

Fitxategietan oinarritutakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat formatu desberdin daude, sistema eragilearen arabera.[12]

.url laster-fitxategia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Microsoft Windows sistema eragilean Interneterako hiperestekak sortzeko, URL formatua duten fitxategiak erabiltzen dira. Laster-fitxategi horiek .url luzapena dute. Interfaze grafikoaren arabera, luzapena ezkutuan egon daiteke.

Laster-fitxategi horiek testu-fitxategiak dira, baina INI fitxategien antzeko barne-egitura dute, hau da, gako-balio bikoteak definitzen dira. Windows edo mac OS sistema eragileetan fitxategia irekitzean, lehenetsitako web nabigatzaileak esteka irekitzen du.[13] Linux sistema eragileak ez ditu .url laster-fitxategiak irekitzen, beste formatu bat erabiltzen du.

Erraz sor daiteke .url laster-fitxategi bat, hiperesteka gisa funtzionatzeko behar diren gutxieneko ezaugarriak [InternetShortcut] goiburukoa eta URL = gako-balio parea baitira. Jarraian, ikus daiteke Windowserako.url laster-fitxategi baten adibide bat, gako-balio bikote jakin batzuekin:

[InternetShortcut]
URL=https://eu.wikipedia.org/wiki/Azala
WorkingDirectory=C:\WINDOWS
ShowCommand=7
IconIndex=1
IconFile=C:\WINDOWS\SYSTEM\url.dll
Modified=20F06BA06D07BD014D
HotKey=1601

.webloc laster-fitxategia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mac OS sistema eragilean, .webloc fitxategiak erabiltzen dira Interneteko hiperestekak sortzeko. Fitxategiaren formatuak XML propietate-zerrenden sintaxia erabiltzen du. Hona hemen adibide bat:

<?xml version="1.0" encoding="UTF-8"?>
<!DOCTYPE plist PUBLIC "-//Apple//DTD PLIST 1.0//EN" "http://www.apple.com/DTDs/PropertyList-1.0.dtd">
<plist version="1.0">
<dict>
	<key>URL</key>
	<string>https://eu.wikipedia.org/wiki/Azala</string>
</dict>
</plist>

.desktop fitxategia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unix eta Linux sistema eragileetan, .desktop fitxategiak erabiltzen dira Interneteko hiperestekak sortzeko (Freedesktop.org).[14] Windowseko .url fitxategien oso antzeko sintaxia dute. Hona hemen .desktop fitxategi baten adibidea:

[Desktop Entry]
Encoding=UTF-8
Type=Link
Name=Wikipedia
URL=https://eu.wikipedia.org/wiki/Azala

link.html fitxategia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema eragile guztietan erabil daitezke link.html fitxategiak Interneteko hiperestekak sortzeko. Hona hemen adibide bat:[13]

<!DOCTYPE html><html lang="en">
<!--
Example of a link.html file: i.e. a file based hyperlink that works cross-platform on Windows, macOS, and Linux. 
-->
<head>
  <meta http-equiv="refresh" content="0; url=https://www.wikipedia.org" />
  <title>Redirecting to https://www.wikipedia.org ...</title>
</head>
<body>
  Loading <a href="https://www.wikipedia.org">https://www.wikipedia.org</a> ...
</body>
</html>

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Julio, Gorka. (2019-05-04). «Nabigazio errituala» Berria (kontsulta data: 2026-08-20).
  2. Zabalegi, Jon Mikel. (2023-05-19). «Bot-ak nagusi izango dira Interneten» Gazteberri Aldizkaria (kontsulta data: 2026-08-20).
  3. Lopetegui, Eriz. (2020-11-05). «Zer arrisku dakarte botnet direlakoek?» Sarean .eus (kontsulta data: 2026-08-20).
  4. (Ingelesez) «Hypertext Research: The Development of HyperTIES» www.cs.umd.edu (HCIL Archive) (kontsulta data: 2026-08-21).
  5. (Ingelesez) «HTML anchor element - HTML | MDN» MDN Web Docs 2026-05-09 (kontsulta data: 2026-08-20).
  6. «XML Linking Language (XLink) Version 1.1» www.w3.org (kontsulta data: 2026-08-20).
  7. Juanan Pereira Varela. (2021). «HTML5 lengoaia eta JavaScript APIak» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)): 172. ISBN 978-84-8438-806-7. (kontsulta data: 2026-08-21).
  8. Urteaga, Fran. (2025-12-15). «HTML: estekak» Praiskopedia (kontsulta data: 2026-08-21).
  9. (Ingelesez) «HTML Links Hyperlinks» GeeksforGeeks 2017-12-08 (kontsulta data: 2026-08-21).
  10. Xabier Arregi Iparragirre, Xabier Artola Zubillaga. (2006). «XPath: XML dokumentu-zuhaitzetan (hel)bideak zehazteko lengoaia. XLink, XPointer eta XQuery (azalpen laburrak)» unibertsitatea.net (Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)): 62..
  11. (Ingelesez) «What is a Permalink? Definition, Purpose & Examples» Techopedia 2024-05-16 (kontsulta data: 2026-07-07).
  12. (Ingelesez) Aleksandersen, Daniel. (2021-04-08). «What is the best file format for web shortcuts» www.ctrl.blog (kontsulta data: 2026-08-21).
  13. 1 2 (Ingelesez) Craig-Wood, Nick. «Google drive. Import/Export of google documents (link files).» Rclone (kontsulta data: 2026-08-21).
  14. (Ingelesez) Preston Brown, Jonathan Blandford, Owen Taylor, Vincent Untz, Waldo Bastian, Allison Lortie, David Faure, Will Thompson. (2020). «Desktop Entry Specification» specifications.freedesktop.org (freedesktop.org) (kontsulta data: 2026-07-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]