Edukira joan

Aragoiko Erresuma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aragoiko erresuma
Reino d'Aragón
Regne d'Aragó
Regnum Aragoniae
1035  1707
Monarkia
Aragoiko Erresuma bandera

Aragoiko Erresuma armarria

Aragoiko Erresuma, garai ezberdinetan zehar bereak izan ziren lurraldeak kolore ezberdinez adierazita daudelarik.
Geografia
HiriburuaJaka (1035-1098)
Huesca (1098-1118)
Zaragoza (1118-1707)
Kultura
Hizkuntza(k)Aragoiera, euskara, latina, nafar-aragoiera eta katalana
Beste batzuk: gaztelania eta okzitaniera
ErlijioaKristautasuna
Historia
Sorrera1238ko irailaren 28
Ezeztapena1707ko ekainaren 29a
Aurrekoa
Iruñeko Erresuma
Ondorengoa
Espainia

Aragoiko Erresuma Iruñeko Erresuman sortu zen 1035etik goiti. Hasierako urratsak, haren epelean egin zituen azpierresuma gisa, harik eta Antso Nagusia nafar erregearen biloba Antso Ramiritz Iruñetik urrundu eta Aragoirako monarkia eratu zuen arte (1068).

Hasieran, Aragoi, Sobrarbe eta Ribagortza konderriak biltzen zituen. 1707an bukatu zen, Filipe V.a Espainiakoak "Decretos de Nueva Planta" izeneko dekretuak promulgatu zituenean. Errege-dekretu honen bitartez Espainiako Erresuman sartu zen.

Aragoiko konderria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Aragoiko konderria»

Galindo II.a Aragoikoaren alaba Andregoto Gartzia Antso Nafarroako erregearekin ezkondu zenean, konderria, sistema karolingioren baitan sortua, Iruñeko Erresuman gelditu zen. Hala ere, Aragoiko konderriak bere izaera propioa mantendu zuen.

XI-XII. mendearen hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1035ean, Ramiro Antso III.a Nagusiaren semeak Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorza konderriak batu zituen, eta autonomiaz jokatu zuen Iruñeko Erresumatik. Buruzagi horrek, oro har, harreman onak izan zituen Gartzia IV.a Santxitz Iruñeko anaiarekin. Benetako legezkotasuna, ordea, Antso Ramiritz eta Petri I.a erregeek bilatu eta eskuratu zuten, Aulki Santuren babespean.

1068tik, Ramiroren ondorengo kondea, Antso V.a Ramiritz, Iruñeko erregetik aldendu zen. Aita santuaren babesa bilatu zuen burujabetzarako zilegitasuna eskuratzeko. San Juan de la Peñan, Aragoiko egoitza nagusietako batean, Clunyko Ordenaren ezarpena aldeztu zuen, bat etorriz gregoriar erreformarekin.

1076an, anaiak Antso IV.a Nafarroakoa hil zuenean, nafarrek Antso Ramiritz orduko Aragoiko erregea izendatu zuten Iruñeko errege. Era horretan, koroa beraren pean elkartu ziren Iruñea eta Aragoiko Erresuma berria. Erromarekiko aliantzak berekin ekarri zuen politika militarista oldarkorrago bat, gurutzaden hasiera, eta Ebro haraneko zabalkundea.

Hala Antso Ramiritz nola Petri eta Alfontso bere semeak Iruñean altxa zituzten errege, erresuma bakar baten gaineko buruzagi. Petri I.a erregeak (1070 - †1104) Huesca konkistatu zuen (1095), Zaragozako Al-Musta'in II.ari Alcorazeko Batailan irabazi ondoren. 1101ean,ean Barbastro eta Sariñena eta 1104an Tamarite de Litera okupatu zituen. Erreinaldi honetan infantzoien forua ere eman zen.

Alfontso I.a Borrokalaria erregeak (1104 - †1134), Gaskoniako nobleziaren laguntzaz, Tutera, Tarazona, Calatayud, Daroca eta Zaragoza konkistatu zituen. Zaragozarekin taifa osoa erori zen eta orduko mendi-erresumak zeharo aldatu zuen. 1109tik goiti, Alfontsok nafartzat aitortuak ziren mendebaldeko eskualdeak berreskuratu zituen, haietako asko 1054an Gaztelaren eskuetan eroriak.

Erregeak ez zuen seme-alabarik izan eta testamentuan erresuma zenbait ordena militarrentzat utzi zuen oinordetzan. Hala ere, testamentuak erresumaren oinarri juridiko-politikoak hausten zituen: bere ondasuntzat hartzen zuen erresuma, eta hori ez zen onartua izan. Trukean, 1134ko udazkenean, bi buruzagi nabarmendu ziren Iruñea-Aragoiko errege altxatuak izateko: haren anaia Ramiro eta Gartzia Ramiritz Monzongo tenentea, ximenotarren leinuko sasikoa. Gaztela eta Leongo Alfontso VII.a erregeak Errioxa eta Zaragoza inbaditu zituen, baita jaun gerlariei pribilegio feudalak bermatu ere.

Erresumako ekialdean, handikiak eta elizgizonak batez ere, Jakan bilduak, Ramirorekin lerrokatu ziren, klerikoa izan arren. Ramirok armagizonen pribilegio feudalak eta teokrazia lehenetsi zituen. Bestetik, ordea, Alfontsorekin borrokatutako hainbat militarrek, zenbait elizgizonek eta burgesiako ordezkariek Gartziaren alde egin zuten. Bi buruzagiek posizioak hartu zituzten, eta hala Gaztelako koroak nola Bartzelonako kondeak Ramiroren alde egin zuten. 1137ko abuztuan eta azaroan, gerra zibilean eta kanpoko interbentzioaz, berretsi egin zen Iruñearen eta Aragoiko Erresumaren arteko zatiketa, iparraldetik hegoaldera, Aragoi ibaiaren ekialdeko lerroan.

Aragoiko Koroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Aragoiko koroa»

1150ean Petronila Aragoikoa Ramiro II.a Aragoikoaren alaba bakarrak Ramon Berenguer IV.a Bartzelonako kondea ezkondu zuen. Bion semea Alfontso II.a lehendabiziko Aragoiko errege eta Bartzelonako kondea zen.

Fernando II.ak (1479 - 1516) Elisabet I.a Gaztelakoa ezkondu zuen. Bion iloba zen Karlos I.a erresuma bietako errege zen, baina erresuma bakoitzak bere usadio eta legeak zituen.

1700an Karlos II.a hil eta oinordekoa nor izateko guda hasi zen. Alde batetik, Filipe Anjoukoa zegoen eta bestetik, Karlos Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea. Aragoiko erresumak azkenaren alde egin eta, Filipe Anjoukoak guda irabazi zuenean Decretos de Nueva Planta izeneko dekretuak promulgatu zituen. Dekretu hauen bitartez Aragoik zituen erakunde guztiak desagertu ziren eta Espainiak zentralizatu zuen boterea.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]